miércoles, 24 de febrero de 2016

Bigarren erorikoa


Elixabete Garmendia 



Gregorio Mujikak Telesforo Aranzadi etnografoari buruz: «... sekulako herrena da bere ezaugarririk behinena. Ibiltzerakoan, hanka laburrenak erregulatzen du don Telesfororen garaiera; horregatik, martxan doala, luzera material eskaseko gizona da. (...) Baina, bat batean, solasaren berotan, animatu, eta don Telesforo altxa egingo da azkar, eta hartuko du horrela erraldoiarena dirudien garaiera; izan ere hanka sanoak, tinko eta tente, goian eusten dio antropologoaren gorputzari». (Gregorio Mujika, Los titanes de la cultura vasca, Auñamendi, 1962).

Mujikak herrenarena puztu egiten ote duen lirudike, kontrastez Aranzadiren garaiera intelektuala nabarmentzeko, baina kontua da idazleak erretratatzen duen bezala ageri dela bergararra 1930eko argazki batean: hanka sanoaren gainean bermatuta, eta hanka gaixoa zintzilik, lurretik hamarren bat zentimetrora. Ba, ezintasun horri aurre egin, eta Aralarren eta Aizkorrin dolmenak bilatu eta ikertzen eta Kortezubiko Santi Mamiñe eta antzeko leizezuloak miatzen ibili zen Aranzadi; bakarrik hasieran, Jose Migel Barandiaran eta Enrike Egurenekin batera gero, 1917tik aurrera. Herrenari egotzi izan zaion erretxinkeria ba omen zuen, eta herren askok garatzen duten adore ekintzaile galanta ere bai.

Herrena, umetan mokor hezurrean sortutako tumore batetik omen zetorkion Aranzadiri. Urte batzuk geroago, beste gaixotasun batek eragin zituen herrenak gurean: poliomielitisak. Haur paralisia ere deitzen zitzaion; izan ere, umeei erasaten die polioaren birusak; 1950 eta 1964 bitartean, epidemia ere izan zen.

«Ohetik jaikitzera nindoala, min handia nabaritu nuen hanketan. Zutik jartzen saiatu nintzen, baina erori egin nintzen. Lurrean botata, negarrez, ateraino joan nintzen arrastaka eta garrasi egin nuen: ama, ama, mina daukat hanketan!». Rosa Lertxundik (Donostia, 1950) Aprendiendo a vivir liburuan (Ushuaia, 2011) kontatzen dituenak polioak jotakoen bizipen-ereduak dira nolabait. Dena hasten da ezusteko erorikotik, indarrik ez hanketan... diagnosiaren ondoren, isolamendua —beste inor ez kutsatzeko—, ospitaleratze luzeak, ebakuntza mingarriak... berriro oinez ikasi beharra eta, batez ere, ezintasunarekin bizitzera moldatu beharra.

Europan 1955az geroztik hasi ziren polioaren kontrako txertoa erabiltzen, baina Francoren erresuman 1963ra arte atzeratu zen hori; kontua da gaur egun Espainian 45.000 pertsona daudela polioa pasatutakoak, horietatik bi mila baino gehiago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta seiehundik gora Nafarroan. 1976an menderatutzat eman zen gaixotasuna. Ordurako AEBetan Post-Polio Sindromeaz hitz egiten hasita zeuden; alegia, polioa izandako askok urtetara garatzen dituzten sintoma neuromuskularrak, neurririk gabeko nekea, indar galtzea eta abar eragiten dituztenak.

PPSa diagnostikatu zioten 2005ean Ana Gisasolari (Zumarraga, 1959); terapia alternatiboak erabiliz eta landuz lortu du gurpil aulkiari ihes egitea; La fuerza está en tu interior liburuan, bere esperientzia kontatzeaz gain, terapia horietako lezio praktikoak azaltzen ditu.

Kontua da postpolio sindromeak ez daukala botika bidezko tratamendurik, oraingoz; areago, osasun sistema ez dagoela prestatuta gaixo horiei beren-beregiko arretarik emateko; horregatik, hilaren 22an EAEko Legebiltzarraren Osasun Batzordera joatekotan dira Euskadiko Polio Elkarteko ordezkariak, eskaera hau eskuan: arreta integrala ziurtatzeko bideak ezartzea.

Ospitaleko gela handiak, metalezko ohe txikiak ilaran, ume banarekin... zuri-beltzeko argazkian ikusita, uzkurtu egiten du bihotza irudiak; ohe horietan egotea suertatu zitzaienei —edo setati jarri eta ihes egitea lortu zutenei— entzunda, ondorio argia: bigarren gaixoaldia arintzea dago jokoan.

http://www.berria.eus/paperekoa/1955/017/001/2016-02-17/bigarren_erorikoa.htm 


No hay comentarios:

Publicar un comentario